18 abril, 2010

08. Helsinki

6 ordu luzek espero zidaten Helsinkiko aireportuan, Madrilera bueltan ekarriko ninduen hegazkinera igo aurretik. Denbora guzti hori bertan eserita, ezer egin gabe egoteak, ez zidan asko erakartzen, beraz, aireportutik Helsinki barruraino eramaten zaituen Finnair-en busa hartzea erabaki nuen.

Bisitatzen nuen lehenengo aldia zen. Oso hiri erakargarria eta dotorea zirudien, baina elurra hasi zuen, eta ni euritakorik gabe. Nahiz eta goitik beheraino bustita egon, ez nuen nahi bertatik argazki bat bera egin gabe joaterik, orduan, pare bat buelta eman nituen tren geltoki inguruan, denda ertz batetik bestera aterpea aurkitu nahian.

Tranbiei arreta berezia jartzen nien, Gipuzkoan halakorik ez dugulako izango da. Argazkiren bat egin nahi nion, baina eguraldia gogaikarria zen eta ez nenbilen batere gustura. Lagun batek, behin esandakoarekin oroitu nintzen: “Argazkilariak, kamaleoiak bezalakoak gara, edozein egoerara egokitu behar gara, leku horretan, momentu horretan dagoena, gure ikuspuntutik azaltzeko”. Garbi zegoen, etxera ez nintzela bueltatuko Helsinkiko arrats polit bat edo argi eder batekin egindako argazkiarekin, baina bai, egun horretan nire arreta deitu zuten elementuen irudiren batekin: elurtea, tranbiak, eta hiritarren elegantzia.

Denda-leiho baten koskan geratu nintzen zain, “zerbait” bilatzen, baina zer zen erabat ziur izan gabe. Halako batean, tranbia bere geltokira iristen hari zela ikusi nuen, era berean, maletatxo gorri bat zeraman gizon dotore bat bidea gurutzatzera zioan. Une txiki horixe izan zen, hiru elementuak enkoadre berean sartu zirenean, eta horra, bila nenbilen irudia. Ez da postal bat, baina, Helsinkin, neguko edozein egunetan aurkitu dezakegun irudia da.


Helsinki 2010 - 1/80 seg.; f/5,6; ISO 100

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...