31 marzo, 2010

02. Donostia

Ez zen argazkiak egiteko egunik aproposena. Argia oso ahula zen eta eguraldia ere nahiko kaxkarra. Euri zaparradarekin, alde batetik motxila, bestetik argazki kamera, tripodea, euritakoa … eramatea, benetan gogaikarria da argazkiak egiteko orduan. Baina argazkilaritzaren gauzarik politenetako bat, nahiz eta eguna luzea, astuna, gogaikarria … izan, nahikoa da ustekabeko argi izpi bat, euriaz, euritakoaz eta oin bustiez ahazteko. Horrela, itxarotea merezi izan duten momentuak harrapatzeko gai izan gaitezke.


Donostia 2009 - 1/30 seg.; f/8; ISO 400

29 marzo, 2010

01. Baiona

Orain dela ez denbora asko, argazkiak egitera irteten nintzenean, behar baino gehiago egiten nituela iruditzen zitzaidan. Ondorioa: alde batetik, itxuraz antzekoak ziren argazki pila bat, eta bestalde, indar erakarle gutxikoak zirenak, bai konposizio aldetik, bai argi desegokiarengatik ere. Okerrena, ordea, ordenagailu aurrean igaro beharreko denbora gehigarria zen, argazki guztien artean, selekzio egoki bat egiteko.

Egun batean, beraz, egoera hau aldatzeko zerbait egitea erabaki nuen. Goizean goiz jaiki eta Baionara joan nintzen, hiri honetako argazki batzuk egitera, baina, benetan pena merezi zutenak bakarrik egitea zen nire helburua. Horretarako, argazki kamera motxilan gorde, eta alde zaharretik ibilaldi txiki bat egin nuen. Ariketak “argazkiak begiarekin egitean” zetzan, ibilaldi hartan aurkitzen nintzen egoera desberdinetan, eta kamera, irudi erakargarri bat aurreikusten nuenean bakarrik erabili nezakeen. Beraz, helburua ez zen argazki kamera erabiltzea irudiak lortzeko, ideia, irudiak adimenarekin aurreikustea zen.

Ondorioz, 5 argazki besterik ez nituen egin goiz osoan, baina benetan atsegina da, etxera itzuli eta ordenagailu aurrean jartzean, selekzioa, argazkiak kamerarekin egin aurretik egina nuela ikustea.



Baiona 2009 - 80/1 seg.; f/7,1; ISO 100
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...