29 junio, 2011

100. Aldaketak eta eduki gehiago blogean Uztailetik aurrera

Egun gutxi falta dira Uztailerako eta orain dela gutxi nire Facebookeko perfilean esan nuen moduan, aldaketa batzuk egongo dira blogean. Orain arte bezela gai nagusia argazkilaritza eta bidaiak izanik, hilero honako edukiak irakurri ahal izango dituzue: argazkilari edo/eta bidaiariei elkarrizketak, bidai-errezetak, argazkilari edo/eta bidaiari garrantzitsuen esaldiak, bitxikeriak, erreportaiak, bizipenak...

Batez ere, ideia blog dinamikoa izatea dela azpimarratu nahi dut, non guztiok parte hartu eta iritzia eman dezagun edota argazkilaritza edo bidaien inguruko gai interesgarriren bat baldin baduzue ere, proposa dezakezue info@ainaragarcia.com -era idatziz.

Prestatzen hari naizen edukiak, zeuen gustokoak izatea espero det, eta iritzi, afizio nahiz bizipenak, guztion artean partekatzea.

Mundua bisore baten atzetik helbidean itxarongo zaituztet eta baita erderazko El mundo a través de un visor blogean ere.

17 junio, 2011

99. Badator Nakor!

Esther eta Arkaitzen deia, Nakor, bere semetxoa izango denaren jaiotzaren aurreikuspen data baino 7 aste lehenago jaso nuen. Uste dut ez dagoela esan beharrik, niretzat aski ezezaguna den argazkilaritza gai bat izanik, bikoteek, ilusioz beteta bizi dituzten momentuak direla eta argazkiak egiteko orduan, antzematen da. Pozik daude eta kamera aurrean beren zoriontasuna erakusteko prest jartzen direnean, sinetsi, inguruan horrenbeste energia positibo izanik lan egitea zoragarria dela.


Eta zer esan, saioan zehar sortu ziren ezuzteko txiki horiei buruz. Lehenengo argazkiak, bainugelako ispilu aurrean egin genituen, eta kameraren klik soinua entzun bezain laster, Nakor txikiak berehala protagonismoa hartu nahi izan zuen Estherren sabelean ostiko txikiak emanaz, goiko irudian ikus dezakezuen moduan.



Umearen logela estreinatzeko prest dagoenez, aspaldian praktikan jartzen dudan Multiple Shots teknika erabiliz zerbait berezia egin genezakeela iruditu zitzaidan.


Eta amaitzeko nola ez, nire eskerrik beroenak Esther eta Arkaitzi, beraientzat horren bereziak diren momentuak erretratatzeko nigan konfidatzeagatik, urte batzuk barru, bizipen eta argazki hauek beren seme Nakorrekin partekatu ditzaten.

05 junio, 2011

98. Badatoz udako kirolak

Egunak pasa ahala, gero eta gertuago sentitzen dugu uda. Egunak luzatuz doaz, eguzkiak irteten du, futbol liga amaitzen da eta era berean, udako kirolek beren denboraldiei hasiera ematen diete. Kirol hauetako bat arrauna da, udan zehar, itsasertzeko herrietan gozatu ahal izango duguna, atzo Mutrikun egin zuten moduan adibidez.


Talde edo trainera bakoitzak herri bati dagokio, adibidez, Zumaiko "Telmo Deun", Zaurauzko "Enbata", Hondarribiko "Ama Guadalupekoa"...


Trainera bakoitzak, 3 ziabogadun ibilbidea egin beharko du, ahalik eta denbora murritzenean.



Ibilbidea azkarren egin duen trainera izango da herri hortako bandera eramango duena. Horrela, uda guztian hainbat herritan regatak ospatzen dira, eta taldeek banderak irabazten joan behar dute. Oso kirol lehiakorra da baina aldi berean, festaz betetzen du ospatzen den herria. Adibide bezela Kontxako bandera dugu, garrantzitsuena, irailero ospatzen da Donostian eta arraun denboraldiari hirian bertan ospatzen den festa haundi batekin esaten dio agur.

03 junio, 2011

97. "Malaletxean ez zaude sexy"

Gaur goizean Donostira iritsi naizenean, Grosetik pasa eta nire harreta deitu duten kartel haundi batzuk ikusi ditut (eraikinak obretan daudenean estaltzeko erabiltzen dituzten horietakoak). Lehenengoak honela zioen: "Egin irribarre, malaletxe gehiegi baitago munduan" izki handiekin. Bigarrengoak berriz "Malaletxean ez zaude sexy" zioen.

Garbi zegoen argazkiren bat egingo niela, beraz, eguneroko prentsaurrekoak bukatu eta gero, Grosera bueltatu naiz. Eserleku baten eseri naiz, norbait edo zerbait igaro zedin, baina kalea huts-hutsa zegoen. Bitartean, enkoadrea pentsatu eta txuri-beltzean egitea ere erabaki dut, zerbait arraroa nigan baina esaldiari indarra eman nahi nion, eta koloreak ez zidan txuri-beltzak hainbete lagunduko.

Lehendabizi, aitona batzuk pasa dira obrei buruz berriketan, nola ez. Baina ez zetozen bat egin nahi nuen argazkiaren ideiarekin. Geroxeago, emakume batzuk etorri dira, eta kamera ikusi didatenean, nik argazkia egin zain gelditu dira gero aurretik pasatzeko. Ez zetozen bat beraiek ere. Urrutitik, neska gazte bat txirrinduan honuntzaka ikusi dut. Beraz, kamera bizkor prestatu eta enkoadrean sartzen hasi denean.... klik! Eta hauxe argazkia:


Egia esan, argazkia hobetu daitekeela deritzot, beraz litekeena da egun hauetakoren baten handik berriro ere pasatzea, eta ea zortea ere konpainia pixkat egitera animatzen den.

01 junio, 2011

96. Balenciaga Museoan

Gaur, Balenciaga Museoak bere ateak ireki dizkigu komunikabideei. Nahiz eta oraindik aste bete falta den bere inauguraziorako, diseinatzaile getariarraren soineko eta osagaiak iada prest daude, bakoitza bere lekuan.


Museoa zeharkatu dugu, alde batetik bestera, soinekoz-soineko.



Baina zerbaitek nire arreta deitu du. Dirudienez, museoko paretetako baten, ortografia akatsak zuzentzea ahaztu zaie...

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...