11 febrero, 2011

77. Lumilinna Snow Castle (2.go zatia)

Tenperatura, iluntzen doan heinean jeisten doa eta arratsaldean genituen -12ºC-tatik, merkurioa -24ºC-tara jeitsi da. Harrigarria da kanpokaldean hotz hau egiten duenean, -9ºC-tara dagoen gazteluaren barnekaldera sartu eta epelxeago zauden irudipen hori.

19:00ak dira eta Snow Restaurantera noa afaltzera. 3 edari beroren artean aukera egiteko esaten didate, afaria prestatzen duten bitartean. Ez dakidanez bakoitza zer den, izenik bitxiena duena aukeratzen dut. Zerbitzariari galdetzen diot ea zer den, baina ez diot oso ongi ulertu. Berdin dio, agian horrela hobe, Ingalaterran izan nintzenean, askotan hobe dela zer jaten hari zaren ez jakitea ikasi nuen.

Badator lehenengo platera: "Reindeer Soup" izenekoa. Lehenengo aldia da elur - oreina jaten dudala eta bizian dastatu dudan haragirik gozoenetariko bat dela esango nuke. Gainera, tenperatura honekin, koilarakada bero bakoitzak zure gorputza barrukaldetik berotzen sentitzen duzu. Bizkor jaten saiatzen naiz, hotza gelditu aurretik, hemen konturatzerako janaria izozten zaizu!

Bigarren platera: Izokina patatekin. Oso goxoa hau ere, baina aukeratzekotan, uste dut elur - oreinarekin gelditzen naizela. Gainera, ez dakit azkar jateagatik ote den baina pixka bat beteta nago.

Eta amaitzeko, postrea: sagar tarta bainillazko izozkiarekin. Izozkia hotz honekin!!! Beno, hau behintzat lasai jan dezaket, ez dut uste urtuko zaidanik!

Afaltzen bukatu eta Castle Loungera noa, lo egiteko zaku lodi hoietara nola sartu behar dugun azalduko digute. Zaku berezi hauek, -30ºC-tako tenperaturetan lo egiteko prestatuta omen daude.

Sentsazio arraro bat daukat oraintxe bertan. Alde batetik, sekulako gogoak ditut -5ºC-tako logela horretan lo egiteko, baina bestalde, uste dut gaur asko gogoratuko naizela nire mutilaren besarkadetaz... "Zer egiten dut nik hemen!!" pentsatzen duzun une horietako bat da. Beno, honaiño iristeko 4000 km bidaiatu ondoren, ez dut uste atzera botatzea erabakirik aproposena denik.


Zakua hartu eta banoa logelara. Ze erreza zirudien Castle Loungen azalpenak eman dizkigutenean, baina zakuan sartzeko arropak kentzeko ordua iristen denean... ze HOTZAAA!!! Botak ohe ondoan uzten ditut, eta arropak berriz zaku azpian sartu ditut bihar esnatzean izoztuta ez aurkitzeko. Beno, sartu dut gorputz erdia zakuan dagoeneko, eta orain beste guztia argia itzalita egin behar dut, zakutik kanpora geldituko zaidan zati bakarra begiak izango baitira.
Besoak zakuan sartu eta belkroarekin ixten saiatzen naiz, baina ez dut aurkitzen. Bffff hau zoramena! Argia pizten dut berriz ere. Belkroa esku batekin hartzen dut gero ilunpetan bilatzen ez ibiltzeko. Dirudienez, oraingo honetan erdi lortu dut, ez dut hotzik sentitzen, beraz, ea horrela lo egiteko gai naizen.
Goizeko 6:30tan esnatzen naiz, beroa eta dena pasa dut gauean, txanoa eta eskularruak kendu behar izan ditut. Besoa zakutik atera eta argia pizten dut. Nahiz eta arropa zaku azpian egon, janzterakoan nahiko hotza dagoela sentitzen dut baina benetan hotzak daudenak botak dira. Ze zaila oinak sartzea!!! Hau hotza!!! Logelatik irten eta dirudienez, azkena izan naiz esnatzen. Castle Loungera noa gosaltzera, eta mundu guztia gaua nola joan zaien komentatzen hari da. Bat edo bestek lo ondo egin duela dio, baina gehienek ezerosoa iruditu zaiela diote. Nire ustez, ez da etxeko ohea bezalakoa noski, baina bizitzan behin egiteko esperientzia dela diot eta horrexegatik pena merezi du probatzea. Ez nuke esango gau txarra izan denik, gainera deskantsatuta sentitzen naiz.
Lumilinnako nire estantzia, gosari goxo batekin amaitzen da gaueko hotzak ahazteko: txokolate beroa gailetekin, uuuummmmmmmmmmmmm!!!!!

08 febrero, 2011

76. Lumilinna Snow Castle (1.go zatia)

Aste honetan, munduko elurrezko gaztelurik haundienari buruzko erreportaia bat argitaratu dut Zazpika aldizkarian. Lumilinna da bere izena, eta Botniako itsasertzean aurkitzen den Kemi hirian eraikitzen dute.

Bidai guztietan bezala, hontan ere nire bidai koadernoa eraman nuen bizipen guztiak idazteko, beraz, hemen doa munduko hotelik hotzenetako baten bizitako esperientzia:


GPSaren arabera, kilometro gutxi batzuk gelditzen omen zaizkit Kemira iristeko, eta iada, Lumilinnari buruzko hainbat kartelekin gurutzatu naiz. Hirira sartu bezain laister, bidegurutze bakoitzean Lumilinnara nondik joan behar den adierazten duten geziak daude. Egia esan, zaila da galtzea eta lehenengoan iristen naiz. Autoa atzekaldean utzi eta ate urdin batetik sartzen naiz.

Castle Loungera sartu eta oso leku goxoa dela ikusten dut. Lurra, zorua eta ormak egurrezkoak dira, leku aproposa txokolate taza bero bat jengibrezko gailetekin jateko. Atzekaldeko mahai baten, gizon bat dago gazteluko argazkiak 10€tan saltzen. Arreran afaltzeko eta lo egiteko ordutegiei buruz informatzen nauten bitartean, atzo Santa Claus Villagen ezagututako Santanderreko senar emaztearekin aurkitzen naiz. Eskailerak jeisten hari naizela berriz, Santa Claus Villagen ere ezagututako ezkonberri madrildarrek agurtzen naute. Ai ene, 5 minutuan, ia nire herrian baino ezagun gehiago ikusi ditut! Baina kasualitateen kasualitaterako, maleta takilan uzten dudan unean, argazkiak 10€tan saltzen hari den gizonezkoak, bere izena Manolo dela eta espainiar argazkilaria dela esaten didanean da. Zero azpitik dauden graduengatik izan ez balitz, Madrileko hotelen baten nagoela pentsatuko nuke.

Bakarrik bidaiatzen duzunean eta hizkuntza arazorik ez duzun jendea ezagutzen duzunean, ni pertsonalki askoz lasaiago sentitzen naiz. Manolok, finlandiako emakume batekin ezkonduta dagoela esaten dit, eta bere emazteak ere argazkiak egiten ditu. Orain ez naiz bere izenarekin gogoratzen baina oso jatorra zen, eta gazteluko hainbat txoko gomendatu zizkidan argazki politak egin netzan.

Maleta utzi, kamera prestatu eta gaztelura noa. Elurrezko jatetxetik hasten naiz, kolore urdina du eta bainilla dirudien lurrina atzematen dut. Gero, elurrezko elizara noa eta azkenik, elurrezko hotelera.

Arratsalde erdia argazkiak egiten pasa ostean, uste dut txokolate taza bero bat merezi dudala indarberritzeko. Castle Loungeko egurrezko mahaietako baten esertzen naiz eta gazteluko managerra den Marika Tomminen gerturatzen zait, berarekin hitz egin bait nuen emailez nire bidaia hasi aurretik. Marikak, gazteluari buruz hitz egiten dit, nola hasi ziren, anekdotak eta erreportaia polit bat egiteko moduko informazioa ematen dit. Elkarrizketa eta gero, gazteluaren kanpokaldera noa arratsaren argazki batzuk egiteko. Emakume bat gerturatzen zait irribarrez, baina finlandesez hari zait hitz egiten eta ez diot tutik ulertzen, eta hitz egitea bukatu duenean, etorri bezala joan da irribarrez. Auskalo zer esan didan. Agian, Michelin panpinaren antza hartu dit daramadan plumifero honekin eta barregura sartu zaio, jajaja, zeinek jakin...

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...