08 octubre, 2011

156. Urederra

Nahiz eta iada udazkenean gauden, para bat aste gelditzen dira oraindik gure lurraldeetako basoak kolorez gainezka jantzi daitezen, pixkanaka hostoak erori eta negura sartu baino lehen.

Urederra udazkenean bisitatu nuen aldi hartatik, erabat maitemindu nintzen txoko hontaz. Urteko edozein sasoitan miragarria iruditzen bazaigu, pentsa gure erretina ze kolore kopuru jasotzera irits daitekeen hosto laranjak erreka urdinera erortzen ikustean.


Urederrara joateko, hoberena Bakedanora autoz joatea da, Nafarroan, Herriko sarreran, parking bat dago eta bertan aparkatuko dugu. 2€ ordaindu behar direla jartzen du baina orain arte, ez dut sekula ikusi nori ordaindu behar zaion, beraz, astebukaera eta jaiegunetan bakarrik ordainduko delakoan nago.

Harrizko eta lorez apaindutako etxeen herria gurutzatuko dugu, errekaraino eramango gaituen bidera iristeko. Seinaleak jarraitu besterik ez dugu egin behar, ez dago galbiderik.


Ideia bat egin gaitezen, herritik jaiolekuraino 40 minutu daude gutxigorabehera oinez, baina errekara iristen garenean, hoberena geldialdiak egiten joatea da, sarrera honetako argazkietan erakusten dizkizuedan bezalako txokoetaz gozatzeko. Nire ustez, askoz erakargarriagoa da bidea, jaiolekua baino.


Argazkiak egiteko ideiarekin baldin bazoaz, momenturik hoberena egunsentiaren ostean da, goiza pasa ahala, nahigabeko argi eta itzal bortitzak sortuko baitira eguzki izpien ondorioz. Kontuan izan ere, hoberena aurreko egunetan euririk egin ez duenean joatea dela, bestela, ur asko aurkituko dugu eta honek, Urederrako hain bereizgarria den urdintasun hori estaltzen du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...