14 noviembre, 2011

168. Gonzalo Iza argazkilariari elkarrizketa

Gonzalo Iza, Zumarragan jaio zen orain dela 27 urte. "chalo84" bezala ezagutarazten da interneten nabigatzen hasi zenetik eta modu honetan aurkituko duzue Facebook, Twitter eta Flickr bezalako sare sozialetan, baita pasa den urtarrilak 1-etik dirauen "Una foto por dia" proiektuaren blogean ere. Informatika, diseinu grafiko eta argazkilaritzako teknikoa da. Gaur egun, Zumarragako Ospitalean diardu informatika sailean lanean baina ahal den neurrian, kamera eskutan duela ikusiko duzue sarritan.

2 hilabete baino gutxiago falta dira "Una foto por dia" proiektua amaitzeko. Zer sentitzen da ia urtebetez zure bizitza argazkien bidez sarean erakusten igaro ostean?

Sentipen onak dira guztiak. "Una foto por dia" proiektuari esker argazkilaritzaren beste aurpegi batekin aurkitu naiz. Oso "erraza" da argazki polit bat egitea atzerrira joaten zarenean, ikusten duzun guztia berria bait da, zure kamerarekin zoaz, oporretan zaude eta guztia beste modu batean ikusten duzu. Baina etxean gelditzen zaren egun horietan, parrandatik bueltatu eta argazki bat egin behar baldin baduzu, asko landu behar da irudimena zerbait argitaragarria egiteko.

Gainera, DV-ko sariei esker (blog hoberena eta ikusleen saria), ate asko ireki zaizkit eta beste hainbat proiektutan parte hartu ahal izan dut, eta ez zen posible izango honengatik izan ez balitz.


Zer suposatu du zuretzat proiektu honek? Zer eman dizu?

Argazkilaritza beste modu baten ikusten dut orain. Lehen asko ematen nion botoiari (rafagaz ere) argazki bat lortzeko; orain berriz, nahiago dut argazki arrunt bat bilatu eta landu. Orduak pasa ditut argazkiak egiten, goiz jaiki naiz, egunsentirarte gelditu naiz... gauza pentsaezinak egiten ditu urte batek.

Nola laburtzen da eguna argazki bakar baten?

Egunaren arabera. Lehen esaten nuen moduan, oporretara baldin bazoaz eta gustoko lekuren bat argitaratzerik baduzu, ibilaldiren bat, hemendik gelditzen baldin bazara lagunekin barbakoa egiten... erreza da. Egun batzuetan 20 argazki igoko nituzke eta beste egun batzuetan bakar bat aurkitu ezinik ibiltzen naiz. 

Oso konstantea izan behar da horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko. Gogorra da?

Oraingoz ez. Ikasten zoazenaren arabera da. Niri oso ondo datorkit baina egia da egun batzutan zaila dela. Egun bat edo bestetan blogera igo ez baldin badut gainera kanpoan egon naizelako, bada jendea argazkirik igo ez dudala ohartarazten nauena... Kontrolpean nago!

Proiektu guztitik, zein da gustukoen duzun argazkia?

Dudarik gabe 243/365 egunekoa. Betidanik amestu dut tximisten argazkiak egitearekin baina ez nuen sekula lortu. Proiektuari esker Maiatzeko ekaitz baten harrapatu ahal izan nituen batzuk baina Abuztuak 31ko argazki honek guztia du. Zorte txarrez hasi zen guztia argazki honetan bihurtu zen. Baditut gustoko gehiago ere bai teknikoki edo esan nahi dutenagatik. Nire TOP 10-a etiketa honekin gordetzen dut.

Baduzu proiekturik buruan "Una foto por dia" amaitzean hasteko?

Beste blog bat irekitzekotan nago, honek kaduzitate data bait du. Abenduak 31an amaitu eta Urtarrilak 1-ean proiektu guztiaren datuen sarrera bat igoko dut. Orain, nire bizitza guztiko argazkiak igo ditzazkedan beste bat prestatu nahi dut eta batez ere azken urte honetakoak, eguneko argazki bakarra igo ahal izan dudanez, asko gordeta gelditu baitira.

Jendea animatuko zenuke horrelako zerbait egitera?

Dudarik gabe. Horrelako beste hainbat proiektu ezberdin daude, agian hau da gogorrena baina, hilabete baten, 100 argazki, edota 52 astetakoak ere egin daitezke. Ezberdin asko daude eta ehundaka konbinaketa.

Hauxe izan da guztia Gonzalo. Eskerrik asko eta zorte on!

Gonzalo, "Una foto por dia" blogean, Facebooken, bere web pertsonalean, Twitterren eta Flickrren jarrai dezakezue.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...